Bere mendeurrenean Cementos Lemona fabrikaren berrikuntza nabarmendu du adibide gisa Lehendakariak
Bere mendeurrena dela-eta Cementos Lemona fabrika bisitatu du Iñigo Urkullu Lehendakariak. Bertan, “jarduera ekonomikorako eta inbertsiorako ekosistema erakargarri bat bultzatzeko” Eusko Jaurlaritzaren ahalegina azpimarratu du eta gogora ekarri du azkeneko hiruhilekoan % 2,9 igo dela BPG, lanaldi osoko lanpostuak % 2,2 igo diren bitartean. “Horixe da irmotu beharreko bidea”, adierazi du.
Bisitaldian, Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburu Arantxa Tapia izan du lagun Lehendakariak. Biek izan dute aukera enpresako instalazioak bertako arduradun gorenen eskutik ezagutzeko. Hala, haien artean zeuden Cementos Lemona-ko zuzendari nagusi Ignacio Lecumberri eta fabrika-buru Elena Guede. Lemoako alkate Saioa Elejabarrieta eta Bediako alkate Aitor Sorriketa ere bertan izan dira.
Urkullurentzat, Cementos Lemona fabrika berrikuntzaren eta gizarte-konpromisoaren adibide bat da, eta lehiakortasunaren erronketara egokitzeko erakutsi duen gaitasuna nabarmendu du. “Inbertitzeko, berritzeko eta internazionalizatzeko orain hartzen diren erabakiak dira hazkunde iraunkorraren eta etorkizuneko kalitateko enplegu-aukeren oinarria”, adierazi du. Hala, instituzio publikoen eta enpresa-ehunaren arteko elkarlana defendatu du Lehendakariak, jarduera ekonomikorako eta inbertsiorako “ekosistema erakargarri” bat bultzatzeko.